Skip to main content

Bueltan da euskal encounter, bere 27. edizioan

28/05/2020

Datorren uztailaren 25etik 28ra ospatuko da edizio berri hau Bilbao Exhibition Centren.

Iazko edizioan 5.024 postu eta 8.000 bertaratu baino gehiago izan ziren.

Tailer eta hitzaldietako plazak mugatuak dira; hortaz, aurretiko erreserba egitea gomendatzen da.

Euskal Encounter informatikaren esparruko zaletu eta profesionalen topagunea da, ezagutzak partekatu eta gaiari lotutako mota guztietako ekintzak gauzatzeko helburua duena. 27. edizioa da aurtengoa, eta horri esker Europako beteranoenetako bat bilakatu da, eta baita Espainiako zaharrena ere. Aurreko edizioetan bezala, BCSCk eta SPRI Taldeak ekimena babestuko dute, bai instituzionalki eta bai laguntza emanda.

Nabarmena izan da urteetan zehar emandako bilakaera; hala, lehenengo edizioan izan ziren 25 ordenagailu-postuetatik eta 36 bertaratuetatik, iazko 5.024 postuetara eta 8.000 bertaratu baino gehiagora igaro da, 60 GB-ko deskarga-abiadurarekin, eta 50.600 metro karratuko azalera betez. Datorren uztailaren 25etik 28ra ospatuko da edizio berri hau Bilbao Exhibition Centren. 

Gai jakin baten inguruan zaletuak biltzen dituen ekitaldi baten jarduera propioez gain (lagunak egin, ideiak eta ezagutzak partekatu...), Euskal Encounter-en jarduera desberdinak egingo dira sormen digitalari, hardwareari, software askeari eta abarrekoei lotutako gaien inguruan, eta bai tailer eta hitzaldi ugari ere.

Zibersegurtasunak, beste behin, garrantzia berezia izango du, eta ekintza desberdinak egingo dira esparru horri lotuta:

  • HackIt / SolveIt. Software askeko sekzioari lotutako lehiaketa honetan, erronka edo proba desberdinak konpondu behar dituzte parte-hartzaileek, honako gai hauei lotuta: hackinga, alderantzizko ingeniaritza, kriptografia, logika, puzzleak, eta abar. Lehiaketa bi modalitatetan banatzen da: HackIt, programazioari eta alderantzizko ingeniaritzari lotutako mailetan; eta SolveIt, logika, puzzle eta asmakizunei lotutako mailetan.
  • SmashCTF. Segurtasunari eta hackingari lotutako blokearen barruan sartzen den jarduera hau eraso/defentsa motako jarduera da; bertan, talde bakoitzak ingurune birtual bat izango du, gainerako taldeen erasoengandik defendatu beharko duena. Aldi berean, eraso ere egin beharko du, puntuak irabazteko flagak lortzeko.

Ekimen mota hauek bereziki garrantzitsuak dira, zibersegurtasuneko esparruan profil profesionalak sortzen laguntzen dutelako. Iragan ekainaren 21etik 22ra Donostian ospatu zen Euskalhack security congress IV edizioan sareko krimenaren profesionalizazioa azpimarratu zen egungo eta etorkizuneko mehatxu handienetakotzat. 2019. urtearen amaierarako, esparru horri lotutako sei milioi lanpostu egongo da munduan.

Funtsezkoa da belaunaldi gazteenei zibersegurtasuna garapen profesionaleko bideetako bat dela erakustea, lan-aukera gehien izango dituena ziur aski. Profil tekniko oso zehatz bati lotutako gehiengo bati bideratua egon beharrean, zibersegurtasunak diziplina asko hartzen du bere barnean, eta azken emaitzak oso eragin positiboa izan dezake gizartean.

Opengune: ikasi eta partekatzeko toki bat

Opengune bertaratuentzako eta publiko orokorrarentzako gune ireki bat da. Gune honetan produktuen aurkezpenak egiten dituzte sektore informatikoko enpresa desberdinek, eta gaurkotasuneko hitzaldi eta tailerrak eskaintzen dira modu doakoan, teknologia edozein interesduni gerturatzeko. 

Edukiak doakoak badira ere, plazak mugatuak izaten dira; hortaz, ahal bezain laster egin behar dute erreserba interesdunek, tailer eta hitzaldietara sarbidea izango dutela bermatzeko.

Hitzaldien atalean, "Zibersegurtasuneko praktika egokiak" egingo da, eta gai hauek landuko dira: enpresek jasaten dituzten eraso ohikoenak; eraso informatiko baten aurrean ekintza-plan bat izateko moduak; enpresako profil desberdinei (erabiltzaileak, teknikariak, langileak...) zuzendutako mehatxu informatiko zehatzak; eta, azkenik, giltzarri den informazioa seguru mantentzeko praktika egokiak nola eman, negozioak jarraipena izan dezan. Hitzaldia datorren uztailaren 25ean ospatuko da 11:00etatik 13:00etara, eta Sergio Alejok (Talio) emango du.

Euskal Encounter ekimeneko Opengunera bertaratzeko gonbida egin nahi dizuegu, ikasten jarraitu eta teknologiari lotutako aspektu berriak ezagutzeko

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.