Skip to main content

Euskadi, 5G sare berriak garatuko dituztenen lehenengoetakoa

22/12/2020

5G Euskadi proiektua osatu duen partzuergoak 13 bazkide ditu, eta lankidetza-akordioen bidez elkarrekin lotutako hainbat parte-hartzaile.

BCSCk gidatzen duen egitasmoa 5G sareen zibersegurtasuna neurtzean datza.

Segurtasun-neurriak garatu beharko dira 5G teknologia berria ezartzean zibersegurtasuna kolokan ez jartzeko.

Teknologia berri bat ezartzean nahitaezkoa da, arazorik gabeko trantsizioa ahalbidetzeko, segurtasun-neurri berriak inplementatzea, batik bat industriaren eta enpresen sektoreari dagokionez. Aipatutako sarea hedatzeko xedez abiarazi da 5G Euskadi proiektua; era berean, bederatzi erabilera-adibide garatzea da asmoa, 5G teknologiak eskaintzen dituen ahalak eta gaitasunak baliatuz produktuak eta zerbitzuak garatze aldera. Proiektu horretan garatuko dira zenbait jarduera, hala nola Edge (baliabideak ertzera lekualdatzera) eta Fog (lainoan egindako konputazioa) kontzeptuekin eta sareak birtual bilakatzearekin zerikusia duten arazoak aztertzea, baita erabilera-mota bakoitzaren balizko errore espezifikoak ere.   

BCSCk, Tecnaliaren laguntzaz, zibersegurtasunaren hainbat alderdi jorratuko dituen erabilera-adibide bat gidatu eta gauzatuko du. Horretarako, 5G sareetan dauden mehatxu nagusien eredu bat egingo da, baita beste erabilera-adibide sektorial batzuei buruzko ariketa praktikoak ere. Pilotu bereziki interesgarria da, 5Gan Edge Computing (MEC) delakoa inplementatzera bideratua; mehatxuen ereduekin batera, aurrez aipatutako alderdiei buruzko segurtasun-probak egingo dira.      

Zibersegurtasuna, gainerako sektoreentzat funtsezkoa

BCSCri dagokion erabilera-adibidearen ardatza ez da izango zibersegurtasun-teknologiei lotutako negozio-eredu bat planteatzea, gainerako erabilera-adibideak gaitzeko era egokian jardutea baizik. Izan ere, haietako bakar batek ere ez du gutxieneko arrakasta komertziala lortuko, datuen eta tartean diren pertsonen segurtasuna kolokan jar dezaketen ahultasunak baldin badaude.    

Laburbilduz, 5Gak etorkizunean ekar ditzakeen onurak sektore guztietan ezagun bihurtzen hasiak dira, baina hiru aipa daitezke nagusiki: zehaztasuna, ahalmena eta abiadura. Hobekuntza horiek gertuen dugun errealitatean aplikatzea da hurrengo helburua. Hauek dira kontuan izaten ari diren erabilera-adibideak, gure eguneroko bizimoduari zuzenean eragingo dietenak: 

  • Mugikortasuna: autobus-erabiltzaileen Interneterako sarbidea emanez eta bideo-zaintzako zerbitzuei buruz, baita ibilgailuen mantentzeari buruz ere.
  • Energia: adituen urrutiko laguntza, energiaren sektoreko azpiegitura konpondu, konfiguratu eta mantentzeko eragiketetarako. 
  • Industria: ekoizpen-prozesuen monitorizazioa eta kontrola.
  • Zibersegurtasuna: tartean diren prozesuen zibersegurtasuna oinarrizkoa da 5G teknologia behar bezala garatzeko.
  • Sareko zerbitzuak: 5G sarea hedatzeko ardura duten operadoreen berezko arkitekturak finkatzea eta inplementatzea. Gainera, telebistako eta banda zabaleko zerbitzuak landa-eremuetan emateko probak egingo dira, baita elektrizitateren sektoreko azpiestazioetan 5G sarea hedatzekoak ere. 

Industria eraldatzeko proiektu bat 

5G Euskadi egitasmoari esleitu zaio Estatuko Gobernuak 5G teknologia garatzeko eta ezartzeko duen laguntza-programa. Proiektu pilotu horrek konpromisoa du Euskadiko enpresa eta teknologia-gune nagusien berrikuntza eta industria-eraldaketa sustatzeko, eta ekosistema zabal bateko 13 bazkide dituen partzuergo batek osatzen du: telekomunikazio-operadoreak, sareko ekipamendu-hornitzaileak, unibertsitateak, ikerkuntza-guneak, erakunde publikoak eta enpresa pribatuak. 

Ekimen bateratu horrek erraztu egingo du 5G sare bat zabaltzea (aurrekontuaren % 65) Abadiñon eta Euskadiko hiru Teknologia Parkeetan (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba), eta 9 erabilera-adibideak garatzea (horiek osatuko dute inbertsioaren guztizkoa).

Egitasmoak Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren menpeko Red.es erakundearen onespena du, eta 30 hilabete iraungo du. Inbertsioa 7,1 milioi eurokoa izango da, eta zati bat Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bidez finantzatuko da.

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.