Skip to main content

Tecnaliaren Inspiring Business Forum, Euskadiko zibersegurtasunaren sektorea ikusarazteko aukera bat

28/05/2020

Inspiring Business Forum topaketa Tecnaliak sortutakoa da, sektore berritzaileetan inbertsio-aukerak bilatzen dituzten enpresak eta beren jarduera hedatzeko eta garatzeko finantza-laguntza behar duten enpresak harremanetan jartzeko.

Tecnaliak kontu handiz hautatzen ditu Inspiring Business Sessions delakoetan sortzen diren aukerak. Aldian-aldian egiten diren bilera horietan hainbat aukera sortzen dira. Azken saio horretan zibersegurtasunari buruz hitz egin da eta Basque Cybersecurity Centre delakoak Euskadiko sektorearen egungo egoera planteatu du.

Sektorearen egoera eta erronkak mahai gainean, Inspiring Business Forum topaketan

Hain zuzen ere, euskal zibersegurtasunaren sektoreak startup bolumen nahiko handi bat dauka dagoeneko. Zentzu horretan, ekimen publiko batzuk sustatu dira hainbat programaren bidez, hala nola BIND 4.0 edo Ekintzaile, berrikuntza-zentroak edo BIC delakoak. Gainera, hainbat finantza baliabide erabili dira garatzen jarraitzeko. Hala ere, oraindik bide luzea daukagu aurretik eta Inspiring Business Session saio honetan erronka batzuk planteatu ziren.

Erronketako bat zera da: zibersegurtasunarekin erlazionatutako profilen eskaera handia. Izan ere, egun daukagun eskaintzaren bidez ezin dugu beharrizan hori estali. Langile aditu gutxi daudela eta, ondorioztatu da arlo horretan gazteei prestakuntza emateko ekimenak sustatu behar direla. Zentzu horretan, Basque Cybersecurity Centre zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin lan egin du, lanbide heziketako informatika irakasleentzako gaikuntza plan baten garapenean. Helburua zera da: beren irakasgai praktikoetan zibersegurtasunaren ikuspegia txertatzea, ikasleek diziplina hori identifikatzeko eta garapen profesionalerako ondo etorri ahal zaien aukera gisa planteatzeko; eta, noski, lan merkatura prestatuago irteteko.

Erronkei dagokienez, aipatzekoa da start-up delakoen espezializazio lehentasunen definizio bat lortzearen ingurukoa, sendotuta dauden zerbitzuekiko bereizketa bat lortzea bilatuz.

Era berean, bertaratutakoek ondorioztatu zuten nazioartekotzea dela sektoreak daukan erronka nagusia, hazkunderako beharrezkoa, eta hori guztia globalizazio prozesuaren bizkortzearekin lotuta doa. Erronka hori finantzaketa bide berriak aztertzearekin batera doa; aktibo materialei bideratutakoak baino, aktibo intelektualei bideratutakoak izan beharko lirateke, eta inbertsiogile garrantzitsuak diren eragileak bilatu beharko genituzke.

Inspiring Business Forum oso eremu egokia da zibersegurtasunaren inguruan dauden beharrizan eta erronken berri emateko eta aukera bikaina da gure komunitatean sektore hori sendotzeko. Helburua zera da, Euskadi nazioarte mailako erreferente bihurtzea zibersegurtasunaren arloan.

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.