Skip to main content

Think, work, be industry 4.0: Cybersecurity by Basque Industry

28/05/2020

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko 17 enpresaren ordezkariak izan dira BCSCk eta SPRI taldeak antolatutako jardunaldian.

Cybasque aurkeztu da bertan, euskal zibersegurtasunaren ekosistema nazioartean posizionatzeko helburua duen enpresa-elkartea.

Iaz bezala, SPRI Taldearen ekimenez sortutako Zibersegurtasun Euskal Zentroak (BCSC) Euskadiko zibersegurtasunaren egoerari buruzko jardunaldia antolatu du San Frantziskon gaur, otsailak 25, RSA Conference delakoaren testuinguruan. Ekitaldi horretara arlo horretan buru diren herrialdeetako ordezkariak joan dira; normalean, estatubatuarrak izaten dira gehiengoa.

Oraingoan, goiburua "Think, work, be Industry 4.0: Cybersecurity Basque Country" izan da. Jardunaldian agerian geratu da Euskadi toki egokia dela oraindik ere zibersegurtasunaren arloan ekintzailea izateko, bertako industria-ekosistemari eta sektoreak Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duen etengabeko laguntzari esker.

Jardunaldian Euskadiko erakundeetako eta enpresa-sektoreko profesionalak izan dira, baita ere Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Sailburua; Estíbaliz Hernáez, Teknologia eta Lehiakortasuneko sailburuordea; SPRI Taldeko Zuzendari Nagusia, Alex Arriola; eta Zibersegurtasun Euskal Zentroko Zuzendaria, Javier Diéguez, jardunaldi honen sustatzailea eta gidaria ere izan dena.

Gorantz doan eta ongi aitortutako eskarmentua duen sektore pribatua

Sektore pribatuko 17 euskal enpresa izan dira bertan, horietatik 15 zibersegurtasunaren arlokoak: S21sec, Entelgy Innotec, Versia, Barbara IoT, Wise Security Global, Osane Consulting, Hdiv Security, Panda Security, Redborder, Countercrat, RKL Integral, OpenCloud Factory, Ingecom, Ironchip eta GlobalCybcar. Gainera, Basque Research and Technology Aliance-BRTAren barruan dauden Ikerlan eta Tecnalia teknologia-zentroetako ordezkariek parte hartu dute.

Ironchip eta Globalcybcar enpresek, gainera, Bwtech@UMBC (University of Maryland Baltimore Country) delakoak antolatutako International Pitch Competition-en parte hartu dute. Iaz ekimen horren hirugarren saria eskuratu zuen Enigmediak, besteak beste Israelgo, Suediako eta Australiako hainbat enpresari gailenduta. Edizio berean finalera iritsi zen beste euskal enpresa bat, Alias Robotics.

Euskal zibersegurtasunaren posizionamendua RSA Conference-n

Gaur egun, RSA Conferencek harro aldarrika dezake munduko ekitaldirik garrantzitsuena dela zibersegurtasunari dagokionez. Urtero egiten da San Frantziskon, baina batez ere 2019an lortutako arrakasta azpimarratu beharra dago; orduko hartan  Asiako (Japonia, Taiwan, Qatar eta Israel), Ipar Amerikako (Estatu Batuak eta Mexiko) eta Europako profesionalak izan ziren han. Biltzarrak duen entzutea baliaturik, BCSCk beste jardunaldi bat antolatu du Euskal Zibersegurtasun Sistemaren indarra erakusteko.      

Ekitaldia sarrera-hitzaldi bat eginez hasi da: "Cybersecurity - Priority in Industry". Moderatzaile-lana Patrick Millerrek egin du, Archer Security enpresako Azpiegituretako eta industria-segurtasuneko aholkulariak. Parte hartu dute, halaber, Arantxa Tapiak, Lisa Carringtonek (IT Planning & Governanza Zuzendaria Arizonako Administrazio Publikoan) eta Del Rodillasek (ICS/OT Industries Product Marketing Zuzendaria Palo Alto Networks enpresan).  

Horren osteko solasaldian ("Basque cyber bridge to the US") Gorka Sadowski (Ziber Ikerkuntzako Zuzendaria Gartner Group-en) izan da moderatzailea. Arrakasta izandako  hainbat kasu izan dituzte hizpide: CounterCraft (Daniel Brett, CSO eta sortzailea), Bayshore Networks (Toby Weir-Jones, Chief Producto Officer) eta Hdiv Security (Roberto Velasco, CEO). Hitzaldiaren ondoren RKL Integral, OpenCloud Factory, Ironchip eta GlobalCybcar enpresen txanda iritsi da; teknologia-arloan soslai altuko enpresak dira laurak, eta eredu onak dira euskal zibersegurtasun-ekosistemaren ahalmena agerian uzteko

Cybasque-ren sorrera eta haren helburua nazioartean

Jardunaldian ofizialki aurkeztu da Cybasque, Euskadiko zibersegurtasunaren arloko enpresa-elkarte berria, hasiera batean sektoreko hamar enpresak osatua eta euskal ekosistema nazioarteko erreferentziazko hub bilakatzea duena helburu. Era berean, enpresen ahalmena erakustea du asmoetako bat, euskal industriaren beharrizanei modu eraginkorrean erantzuteko. 

Arantxa Tapia sailburuak ekimena goraipatu du, eta azpimarratu egin du Cybasquek laguntza bikaina eman dezakeela Euskadi XXI. mendeko iraultza teknologiko eta industrialari ekiteko prest egon dadin.     

BCSCren estrategia, zibersegurtasunaren euskal merkatua nazioartean ikusarazteko helburua duena, etengabe ari da aurreranzko urratsak egiten, euskal enpresei eta enpresa taldeei beren beharrak asetzen laguntzeko.

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.