Skip to main content

Zibersegurtasun Euskal Zentroak, Twiterrek eta PantallasAmigasek sentsibilizazio-kanpaina bat abiatuko dute sextortsioaren aurka

01/06/2020

Internet Seguruaren Eguneko (Safer Internet Day 2020) ekintzetako bat izango da; "Interneten hobea zugandik hasten da: zibersegurtasuna ikasten dugu elkarrekin" da edizio honen goiburua.

Kanpainaren elementu nagusia animazio bat izango da, parte hartzen duten hiru erakundeen kanaletatik zabalduko dena.

Haren edukiak agerian utziko du sexting-a eta antzeko jarduerak zein labainak izan daitezkeen, baita horietako baten biktima izanez gero zer egin behar den ere, eta argi utziko da, gainera, oso delitu larria dela.

Beste urte batez, otsailaren 11 Internet Seguruaren Eguna (Safer Internet Day, edo SID) izango da; INSAFE/INHOPE Sareak sustatzen du ekimena, Europako Batzordearen babesaz. Espainian, "Internet hobea zugandik hasten da: zibersegurtasuna ikasten dugu elkarrekin" da egunaren goiburua. Ideia horretatik abiatuta, BCSCk, Twiterrek eta PantallasAmigas proiektuak sentsibilizazio-bideo bat argitaratu dute emakumeen aurkako sexu-ziberindarkeriari buruz, zeinean informatu eta ohartarazi egiten baita online munduak dituen gauza on eta txar guztiez.

Emakumeen aurkako indarkeriak, maiz, sextortsioa du adierazpide. Hau da, biktimari xantaia egiten zaio haren irudi intimoak zabaltzearekin mehatxu eginez, gaizkilearen eskakizunak betetzen ez baditu.

Era horretan, sextortsioa erabiltzen da norberaren borondatea hausteko. Eskakizunak mota askotakoak izan daitezke, eta batzuetan bat baino gehiago aldi berean. Sextortsio-mota bat bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkakoa da; genero-indarkeriazko delitua da hori, emakumeak harremana jarraitzea edo sexu-harremanak izatea helburu duena. Sextortsioaren beste forma bat Child Grooming estrategia da, hots, sexu-harrapakari edo groomer delako batek egiten dituen ekintzen barnean dago, nerabe baten borondatean eragiteko, hari irudi gehiago eskatu edo, kasurik txarrenean, harreman fisiko bat eskatzeko. Beste batzuetan sextortsioak helburu ekonomikoa du, baina emakumeen kasuan ez da hain ohikoa.

"Irudi Intimoenganako Errespetua" ekimena

Kanpaina garatzeko lanean aritu dira hiru eragile, elkarren desberdinak baina guztiz osagarriak, bai haien egitekoari dagokionez bai diharduten eremuari begira: administrazio publikoa, sektore pribatua eta gizarte zibila.  

Batetik, BCSC euskal gizartean zibersegurtasunaren kultura sustatzeko eta garatzeko Eusko Jaurlaritzak izendatutako erakundea da, eta ondorioz, herritarrei zuzendutako informazio- eta sentsibilizazio-ekintzetan parte hartzen du, kanpaina hau esate baterako. Bestetik, Twitter-ek kanpainarekin bat egiten du gizarte berdinzaleagoa eta indarkeria matxistarik gabekoa sustatzeko egitekoa duen heinean.  Eta azkenik, baina ez azkena garrantziari dagokionez, PantallasAmigasek, BCSCrekin lankidetzan aritzen denak Euskadin duen IKTeskola lantaldearen bitartez, eta Twitterren Trust and Safety Council-eko kidea ere badenak, kanpainaren edukia garatu du YouTube-ko kanalean 65 milioi ikustaldi lortzea ahalbidetu dion estilo bakun eta erakargarriaz.

Ekimen honetarako aukeratutako euskarria animazioa izan da, hedabide sozialetarako egokiena eta erakargarriena baita. Hainbat kanaletan zabalduko da, eta nerabeei zuzenduko zaie batez ere (baina ez haiei bakarrik). Gaztelaniaz zein euskaraz ikus daiteke, www.irudiintimoenganakoerrespetua.eus gunean.

Historian agertzen den biktimak engainua jasaten du eta haren konfiantzari traizio egiten diote. Azpimarratu egiten da zein arriskutsua izan daitekeen zenbait egoeratan norberaren intimitateko irudiak sortzea Interneten bidez (eta beraz, besteren eskuetan, eta batzuetan, pertsona ezezagunen edo gezurrezko identitatea dutenen eskuetan dauden pantailen bidez); animazioak ezinbesteko hainbat mezu argi ematen ditu, une oro kontuan izan beharrekoak:

  • Biktimak ez du ezeren errurik.
  • Hobe da xantaiarik men ez egin eta laguntza eskatzea. 
  • Oso delitu larria da.

Haurrei eman dakiekeen lehenengo aholkua: Sarea erabiltzean argi ibili  eta sen komuna erabili

Teknologia digitalak ezin konta ahala aukera ematen die erabiltzaileei. Inoiz baino aukera gehiago dago ikasteko eta informazioa partekatzeko, eta edozein pertsona ongi hartua izango da parte hartzeko eta edukiak sortzeko aukera ematen duen unibertso horretan. Sarea, ongi erabiltzen bada, gauza asko eskain dezakeen tresna da, baina bestelako erabilpenak eta edukiak ere izan ditzake.

Erabiltzaileentzako arriskuak egon badaude, gehienbat babesgabekoenentzat, ohi denez: haurrak eta emakumeak. Pribatutasuna, eduki kaltegarrietara sarbidea, ziberjazarpena, desinformazioa, sexu-indarkeria... denok kezkatzen gara egunero horrelakoez, baina beharbada ez diegu behar genukeen besteko arreta ematen sarera konektatuta gaudenean.

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.