Skip to main content

Zibersegurtasunak garrantzia berezia hartuko du Basque Industry 4.0 The Meeting Point 2018 topagunean, lehiakortasunaren funtsezko ezaugarri den heinean

28/05/2020

Basque Industry 4.0: The meeting point izeneko topaketaren bosgarren urteurrena izango da aurten. Azaroaren 26an, Euskalduna Jauregian, ehunka aditu elkartuko dira beren ezagutza eta esperientzien berri emateko. Bertaratzen diren pertsonek 4.0 industriaren azken joerak ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, 135 enpresak beren lana jarriko dute erakusgai, Euskadi fabrikazio aurreratuaren arloko liderretako bat izatera nola heldu den azaltzeko, eta networking aukerak ere izango dira.

Erreferentziazko ekitaldi honetan Zibersegurtasunerako Euskal Erakundea ere egongo da. Tailer baten bidez, zibersegurtasun arloko neurriak aplikatzearen beharra ikusaraziko dugu, eta horrek ekarriko dizkigun onurez ere hitz egingo dugu. Enpresek beren segurtasuna hobetzeko erabil ditzaketen irizpideak eta tresnak aztertuko dira eta Zibersegurtasuna abantaila lehiakor gisa aurkeztuko da.

Industria arloko euskal enpresak mundu mailako erreferente dira 4.0 industrian

Euskal industriaren sektorea erreferente bat da nazioartean; neurri handi batean, berrikuntza eta eraldaketarako daukan gaitasunari zor zaio hori. Eremu publiko zein pribatuaren aldetik apustu sendo bat egin da 4.0 industriaren alde; hori dela eta, gure herrialdea posizio pribilegiatu batean dago; eta horrek aurrera egiteko motibazioa ematen digu, posizio hori ez galtzeko. Horretarako, hainbat ekimen ditugu eta nagusietako bat Basque Industry 4.0 izenekoa da, SPRIren baitan sortutakoa. Ekimen horrek laguntzak eta aktiboak eskaintzen ditu Basque Digital Innovation Hub proiektuari esker, industria arloko euskal enpresek digitalizazioan aurrera egiteko aukera izan dezaten, onura handiak lor baitaitezke bide horretatik.

Basque Industry 4.0: The Meeting Point 2018 izeneko ekitaldian, sektoreko azken berritasunei buruzko informazioa jasotzeko aukera daukagu, hainbat formatutan: Adituek emandako hitzaldiak, enpresen kasu desberdinak azalduz; erakusketa bat, startup enpresekin one-to-one motako topaketak eginez; lan-bilerak eta tailer praktikoak; horiek artean, BCSC erakundeak antolatutako zibersegurtasun arloko tailerra izango dugu.

Industria arloko zibersegurtasuna ez da aukera bat, baldintza bat da

4.0 industria euskal enpresen sektorean errotuta dago dagoeneko; hala ere, tresna berrien onurak lortzea erronka handia da, beti eskuragarri eta eguneratuta egoteko beharra duen sektore batentzat. Baldintza horrek, sarritan, zibersegurtasun arloko neurriak jartzeko lanak zailtzen ditu; bestalde, neurri horiek gero eta beharrezkoagoak dira internetera konektatzen diren edo urrunetik eskuragarri dauden aktiboak babesteko; arriskuak oso handiak baitira.

Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak eta Industria arloko Zibersegurtasun zentroak (CCI) elkarrekin egin dute Euskadiko industria arloko Zibersegurtasunaren egoerari buruzko azterketa. Azterketa horren bidez, nabarmendu da sektore horretako euskal enpresek zibersegurtasun neurriak hartzearen aldeko apustua egin dutela; izan ere, enpresen % 85ek adierazi dute baliabide gehiago bideratuko dituztela horretara, datozen urteetan. Hala ere, kontzientziazio eta sentsibilizazio lanarekin jarraitu behar dugu; gizarte osoari dagokion gaia baita.

BCSC erakundeak antolatutako tailerra 15:00etan hasiko da eta Edorta Echave izango da gidari. Zibersegurtasun arloko aditua da bera, eta ibilbide luzea egin du sektorean. Gaur egun, CCIren Euskadiko koordinatzailea da. Lehenengo bi orduak guztiz teknikoak izango dira; aldiz, hirugarren zatian, Echavek gaur egungo egoeraren eta industria arloko zibersegurtasunaren inguruko eztabaida bat bideratuko du. David Mayoral (Alias Robotics), Luis del Valle (SealPath), David Barroso (CounterCraft), Iñaki Eguía (RKL-Integral) eta Elyonai Egozcuek (S21Sec-Nextel) hartuko dute parte.

Honakoei dago zuzenduta: informazio-sistemen administrazio arduradunak, kontrol eta automatizazio, edo produkzio instalazioen mantentze-lana burutzen dutenak, azpiegiturak eta zerbitzuak kudeatzen dituztenak, eta ingeniaritza eta bulego teknikoetako langileak. Operazio eta informazio eremuetako teknologien inguruko oinarrizko ezagutza bat eduki behar da, behintzat. Landuko diren edukiak teknikoak zein kontzeptualak izango dira.

Tailerrera bertaratzen diren pertsonek bertatik bertara konprobatu ahal izango dute zergatik den hain garrantzitsua segurtasun arloko neurriak hartzea eta nola egin dezaketen. Industria sektorea beti eguneratuta eta eskuragarri egon behar da eta integritatea eta konfidentzialtasuna oso garrantzitsuak dira; beraz, informazio teknologietan zibersegurtasuna lantzeko moduak landuko dira, ekipamendu mota, komunikazio eta industria sistema nagusiei erreparatuz.

Industriaren barruan mehatxu izan daitezkeen ahultasun, mehatxu eta ardatz nagusien multzoa ulertuta, tailer praktikoaren bigarren zatian operazio eremuak babesteko ereduak, urratsak eta beharrezko neurriak landuko dira. Aurretiko azterketak, neurriak eta konponbide teknikoak azpiegitura eta ekipoetarako; eta antolakuntza: pertsonen egitekoak, prozesuak eta barne estrategia arautzeko.

Zibersegurtasuna apustu seguru eta errentagarria da zure enpresarentzat

BCSC erakundearen helburuetako bat zera da: euskal gizartean zibersegurtasunaren kultura sustatzea; bereziki, industria arloko enpresetan. CCIrekin batera burututako azterketaren arabera, bide onetik goaz, baina oraindik ere lana dugu egiteko. Industriaren sektorean badakite zibersegurtasuna ez da dela gastu hutsa; inbertsioa da; horren harira, BCSC erakundeak, atxikitako zentroek eta erakunde publikoek sektoreari babesa ematen jarraituko dugu, babes maila oso eta eraginkorrak lortu arte. Horrela, Zibersegurtasunak gure enpresak babestuko ditu; baina, gainera, gure herriko industriaren balio erantsia ere izango da.

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.