Skip to main content

Zibersegurtasunari buruzko kontzientziazio jardunaldiak hezitzaileentzat: Basque Cybersecurity Centreren zerbitzu berria

28/05/2020

Euskal gizartean zibersegurtasuneko kultura sortzea Basque Cybersecurity Centreren helburu nagusietako bat da. Funtsezkoa da herritarrek ingurune hiperlotuan eta eboluzio etengabean bizitzeko arriskuak uler ditzaten. Izan ere, horren ondorioz gure informazio pertsonala oso eraginpean dago eta geure burua babesteko behar latentea dugu. Egoera horrek are garrantzi handiagoa hartzen du haurren kasuan, bereziki kalteberak direlako eta, sarritan, ez dutelako arriskuen eta kaltetuak izateko ondorioen benetako kontzientzia.

Egoera horri heltzeko helburuarekin, Basque Cybersecurity Centrek Zibersegurtasunean kontzientziatzeko Jardunaldien zerbitzua atera du araututako irakaskuntza-zentroetako Hezitzaileentzat. Zerbitzu hori bat dator Eusko Jaurlaritzak dituen ekimenekin, Hezkuntza Saila buru, eta aspalditik egin izan dira herritarrekiko erantzukizun-ariketa gisa. Erantzun bateratua eta koordinatua emateko, estrategia komuna zehaztu da sartutako eragileen artean.

Jardunaldiak irakasleei bideratuta daude, beharrezko ezagutzak izan ditzaten, gaur egun gazteek izan ditzaketen arriskurik ohikoenak aurreikusi, identifikatu eta aurre egiteko.

Metodologia dinamikoa eta parte-hartzailea izango da, bertaratuengandik gertu dauden esperientzietatik abiatuta, adibide praktiko ugarirekin eta proba edo erronka txikiak sartuta, eta zenbaitetan kasu simulatu bat egin beharko dute.

Jardunaldiek ikus-entzunezko edukiak izango dituzte, materialak hobeto ulertzeko.

Gaien osaketa irekia da, prestakuntza zentro bakoitzaren behar eta kezketara egokitu ahal izateko. Hala ere, beti egongo da bete beharreko gai-zerrenda.

Katalogoaren barruko gaien artean hurrengoak nabarmentzen dira: internetaren eta teknologia berrien erabilera okerra edo ikasleei gomendatzeko prebentziozko irizpideak. Jardunaldia bukatutakoan, irakasleak prestatuago egongo dira beren ikasleei kontzientziazio hori helarazteko eta haiekin lan egiteko. Helburu horretarako, heziketa-material osoa jasoko dute.

Lehen jardunaldia uztailaren 12an izango da, eta Prestakuntza eta Berrikuntzari Laguntzeko Zentroei emango zaie (Berritzeguneak). Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak sortutako erakunde horiek Euskadiko irakaskuntza-zentroen Hezkuntzari Laguntzeko Zerbitzuen izaera dute. Jardunaldia Berritzegune Nagusiarekin lankidetzan antolatu da, eta hurrengo alderdietan oinarrituko da, besteak beste: zibersegurtasuna eta pribatutasuna, eskola-jazarpena eta genero-indarkeria baliabide digitalen bitartez.

Kontzientziazioan eta gaitasunean inbertitzea gizartearen etorkizunean inbertitzea da.

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.