Skip to main content

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak (BCSC) Basque Cibersecurity Day antolatu du: Zibersegurtasunaren Euskadiko topagunea

02/06/2020

Zibersegurtasuna gizartearen arlo guztietan eragina daukan zeharkako gaia da. Erabiltzaile partikularrek etengabe jasaten dituzte kalteak saretik datozen erasoen ondorioz, hala nola phishing delakoa edo mota guztietako iruzurrak. Enpresen kasuan, bestalde, ziberdelinkuenteek sistemetara sartzeko saiakerak egiten dituzte etengabe, zerbitzu ukapen motako erasoak jasaten dituzte edo engainu-saiakerak izaten dira, hala nola CEO iruzurra. Gertaera horiek guztiek enpresen negozioen jarraipena kolokan jar dezakete.

Enpresekin eta herritarrekin erantzukizun ariketa bat egitea beharrezkoa delakoan, Eusko Jaurlaritzak Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa sortu zuen (BCSC, ingeleseko siglengatik), SPRIren antolakuntzaren baitan kokatua. Honakoak dira bere helburuak: Industrian zibersegurtasun arloko neurrien aplikazioa sustatzea, Euskadin zibersegurtasun arloan egiten den orori ikusgarritasuna ematea eta zibersegurtasunaren kultura sortzea.

Hilabete hauetan, gure zerbitzuak martxan jarri ditugu, bai CSIRT eremuan (gertakariei erantzuna emateko ekipoa), baita euskal gizarteari eta bereziki enpresei balio erantsia eman ahal dioten horietan ere. Era berean, hainbat erakunde publiko zein pribaturekin lankidetza eta konfiantzan oinarritutako harremanak ezarri ditugu, tokiko, estatu mailako zein nazioarte mailakoak, betiere lankidetzaren garrantzia nabarmenduz.

Basque Cybersecurity Day: Partekatuz, sendoagoak gara

Euskadin zibersegurtasunaren arloko topagune izateko xedearekin jarraituz, azaroan Basque Cybersecurity Day delakoa antolatuko dugu.

Ekitaldiak zibersegurtasunaren sektorea dinamizatzen lagundu dezake, teknologia horiek industria arloan aplikatzen joateko, helburu bikoitz batekin:

Euskal industriaren ekosistemaren heldutasun-maila handitzea, gero eta seguruagoa izateko eta zibermehatxuen aurrean babestuago egoteko.
Zibersegurtasuna balio bereizgarri bat izatea, Euskadiko enpresen lehiakortasun gaitasunari ekarpena egiteko.

Bestalde, zibersegurtasun arloko ekintzailetzaren aldeko apustua egin nahi dugu, garapen ekonomikorako eragile gisa, Euskadi nazioarte mailako erreferente izan dadin eremu horretan.

Azkenik, euskal gizartean zibersegurtasunaren kultura sustatzeko moduak bilatzen jarraituko dugu. Horretarako, neurri batzuk ezarriko dira, herritarrak kontzienteago izan daitezen interneten eta teknologia berrien erabilerak dakartzan arriskuez eta horiei aurre egiteko prest egon daitezen.

Jardunaldian ETEei buruz hitz egingo da; izan ere, zibererasotzaileen eskura dagoen biktima mota ahulena dira; hala ikusten da troiarren kasuan, esaterako, CCleaner eta bestelako aplikazio famatuetan.

Ekintzailetzak ere lekua izango du ekitaldian, erronka global bat baita. BCSC erakundeak sustatzen dituen proiektuek komunitate osoaren zibersegurtasuna hobetzeko xedea dute. Gainera, kanpoko enpresak edo kapitala erakartzen ari dira, Euskadi zibersegurtasun arloan erreferente izateko asmoz. Startup proiektuen azeleraziorako BIND 4.0 delakoaren bidez bultzatutako estrategia publikoarekin bat egiten duen estrategia bat da. Gainera, Industria 4.0 arloko enpresei bidera irekitzen die.

Basque Cybersecurity Day ekitaldia ez da esparru profesionalera mugatuko. Gizartean eragina duten beste arlo batzuetan ere zentratuko da, hala nola Hezkuntza edo Ziberdelinkuentzia. Jardunaldi horren bidez, pertsona bakoitza interneten eta teknologia berrien erabilera segurua egitearen garrantziaz ohartzea nahi dugu, bai gazteenak, baita nagusiak ere.

Helburu nagusia, beraz, zibersegurtasunari dagokion garrantzia ematea da. Datozen egunetan emango dira horren inguruko xehetasun gehiago. Gizartea kontzientziatuta eta enpresak lan egiteko prest egonik, XXI. mendeko mehatxu handienetako bati aurre egitea lortuko dugu.

Hurrengo webgunean Basque Cibersecurity Day-ari buruzko informazio guztia eta agenda kontsultatu edo plaza erreserba dezakezu: https://www.spri.eus/basque-cybersecurity-day/

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.