Skip to main content

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak bere nazioarteko posizioa sendotu du Massachusetts Institute of Technology (MIT) zentroan

02/06/2020

BCSC orobat aurkeztu da Europako eskualde batek garatutako jardunbide onena bezala sektoreko ETEentzat.

Basque Cybersecurity Centre (BCSC) - Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak garrantzi handiko nazioarteko bi ekintza gauzatu ditu, Euskadi Europako erreferente bihurtzeko zibersegurtasun arloan eta Euskadiko zibersegurtasunaren industria- eta ikerketa-ekosistemaren posizioa indartzen jarraitzeko gure mugetatik kanpo, horiexek baitira Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak SPRI Taldearen bitartez aplikatzen duen estrategiaren helburuak.

Hala, Javier Diéguezek, Basque Cybersecurity Centre (BCSC) - Zibersegurtasuneko Euskal Zentroko zuzendariak, Massachusetts Institute of Technology (MIT) zentroan azaldu du nolako gaitasunak dituen euskal ekosistemak zibersegurtasun arloko ikerketarako. Tecnaliako Ana Ayerbek, BCSCko Batzorde Iraunkorreko eta European CyberSecurity Organization-eko Zuzendaritza Batzordeko kideak, Euskadiren kasua aurkeztu du Bruselan esanaz lankidetza-eredu bat dela berrikuntzarako eta finantzaketa publikorako, eta baliagarria izan daitekeela jardunbide egoki bezala sektoreko ETEentzat.

Euskadiko zibersegurtasun ekosistemari buruzko bi aurkezpen horiek ia aldi berean egin dira, martxoaren 1ean (ostirala).

Hala, Javier Diéguezek zibersegurtasun arloan ikertzen ari diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko hamar eragile aktiboenen profil berritzailea aurkeztu dio MITeko zibersegurtasuneko ikerketa-taldeari. Hauexek dira hamar eragile aktiboenak: Tecnalia, Vicomtech, Ikerlan, BCAM, DeustoTech, Mondragon Unibertsitatea, UPV-EHU, Ceit, Tecnun eta Innovalia.

Hamar eragile horiek katalogaturik ageri dira duela gutxi argitaratu den Euskadiko Zibersegurtasunaren Liburu Zurian. BCSCko zuzendariak hizpide hartu ditu hainbat proiektu garrantzitsu, helburutzat dutenak zibersegurtasun teknologia transferitzea gure industriako sektore estrategikoetara, eta orobat aipatu ditu startup teknologikoen sorkuntza bultzatu duten kasu arrakastatsu batzuk.
Bestalde, Bruselan, European CyberSecurity Organization (ECSO) erakundeak Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa -eta, beraz, Euskadi- proposatu du lankidetza publiko-pribatuko eredu gisa berrikuntzan eta finantzaketa publikoan, eta orobat esan du jardunbide egoki bat dela zibersegurtasuneko ETEentzat.

Hala, Tecnaliako Ana Ayerbe, BCSCko Batzorde Iraunkorreko eta European CyberSecurity Organization-eko Zuzendaritza Batzordeko kidea, Estatu Batuetan dagoen Javier Diéguezen ordez aritu da bertatik bertara azaltzeko Euskal Zentroak Europako eskualde gisa duen esperientzia. Sareen eta Informazioaren Segurtasuneko Europako Agentziak (ENISA) antolatu du saio hori.

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.