Skip to main content

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak instalazioak inauguratu ditu

02/06/2020

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak (BCSC), gaur, instalazio berriak inauguratu ditu, eta, inaugurazio-ekitaldian, Iñigo Urkullu eta bere Gobernuko hiru kide izan dira: Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua (Arantxa Tapia), Hezkuntzakoa (Cristina Uriarte) eta Segurtasunekoa (Estefanía Beltrán de Heredia). Beraiekin batera izan da ere Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Sailburuordea (Nerea Lopez-Uribarri), Gobernantza Publiko eta Autogobernuko departamentuaren ordezkari moduan. Javier Diéguez Zentroko zuzendaria izan da bulegoak erakusteko arduraduna, Arabako Teknologia Parkean, eta funtzionamenduaren xehetasunak azaltzekoa.

Aurkezpen-ekitaldian egon den erakunde presentzia handia izan da eta horrek agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak herrialdeko ekimen honekin duen konpromisoa; ekimena SPRI Taldean sartzen da, eta helburu du Euskadin zibersegurtasuneko kultura sortzea. Ildo honetan, Lehendakariak adierazi du sare lana lantzen ari direla, enpresa munduarekin batera eta nazioarteko ikuspegi batekin. "Zentro honen helburua zibersegurtasunaren mehatxuei aurre egitea da. Batez ere enpresetan eta industrian, baina baita pertsonen artean ere. Denon artean Zibersegurtasunaren kultura zabaltzea", esan du Lehendakariak.

BCSC 2017ko urritik dago martxan, eta honako hauek ditu helburu nagusi: jarduera dinamizatzea eta zibersegurtasunarekin lotutako enpresa-sektorea sendotzea, Euskadi gaian nazioarteko erreferente izan dadin lortzea eta euskal gizartean segurtasun informatikoko kultura sustatzea. Gainera, martxan daramatzan bederatzi hileotan, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa lortzen ari da lankidetza publiko-pribatuko ekimenetako buru izatea, bai toki mailan, bai eskualdeen arteko mailan Europan, eta, dagoeneko, aitortzen ari dira zibersegurtasuneko tokiko eskaintzaile eta eskatzaileen arteko topagune gisa. Honela, Lehendakariak nazioarteko ikuspegi globala azpimarratu du, "think global, act local." Eta, zentzu honetan, adierazi du "Euskal enpresek geroz eta presentzia gehiago dute nazioarteko merkatuan eta ikuspegi horrekin pentsatu behar ditugu eskaini behar dizkiegun zerbitzuak."

Enpresa-dimentsio horrekin batera, BCSC, era berean, Euskadiko enpresa edo herritarrak arriskuan jar ditzaketen eraso informatikoei erantzuteko ekipo gisa sortu zen, eta hertsiki dihardu lanean Ertzaintzarekin, ziberdelituen jazarpenean lagunduko duten tresnak hornitzeko. Ertzaintzak, gainera, berezko aretoa eta agenteen presentzia iraunkorra du Zentroaren egoitzan.

Hezkuntzaren eta prestakuntzaren ikuspuntutik, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak laborategiko areto berezia du, eta bertan proiektu berritzaileak izaten ditu eta, bere plantillaz gainera, Tecnalia korporazio teknologikoko eta Vicomtech zentroetako (multimedia teknologiak), Ikerlaneko (industria-berrikuntza) eta BCAMeko (matematika aplikatua) ikertzaileen lankidetza ere badu, bai eta zibersegurtasuneko teknikari bat ere, zeina bitartekaria baita Eusko Jaurlaritzako EJIE sozietate informatikoarekin. Ekipo horretan, laster, beka duala izango duten informatikako hiru ikasle ere izango dira.

BCSC irakasleentzako hezkuntza-programen diseinuan eta bilakaeran ere ari da lankidetzan, teknologia berriak oker erabiltzeak dakartzan arriskuen inguruan kontzientziatzeko ekimenak martxan jartzen edo gazteek teknologia berriak arduragabe erabiltzeak dakartzan egoerak prebenitzen, identifikatzen eta horiei erantzun ematen laguntzeko jarduerak antolatzen.

Gobernu arduratsuarentzako konpromisoa eta industriarentzako laguntzak

BCSC ez da sektorean diharduten enpresekin lehiatzen, eta ez du asmo dagoeneko dauden zerbitzuak bikoiztea; ordea, industriaren gaitasun lehiakor eta berritzaileei aurre egiten dien eta herritarren eskubideei mehatxu egiten dien testuinguru berriaren esparruan gobernu arduratsuaren jardunari laguntzeko konpromisoari erantzuten dio. Zentroa Euskadiko 11 kluster sektorialen adimen lehiakorreko mahaietan dago, eta enpresa-elkarte eta merkataritza-ganberekin dihardu elkarlanean, gaiaren inguruko enpresa-kontzientziazioko ekintzak sustatzen. Era berean, euskal administrazio publikoko beste eragile esanguratsu batzuekin ere badihardu elkarlanean, besteak beste, Izenperekin edo Datuak Babesteko Euskal Agentziarekin, edo Eustatekin, bai eta Euskadin diharduten lanbide- eta herritar-elkarteekin ere.

Estatuan eta nazioarte-mailan diharduten antzeko beste erakunde batzuekiko koordinazioa Zibersegurtasuneko Euskal Zentroaren asmo argia izan da, sortu denetik. Hori horrela, datorren udazkenean aurreikusten da FIRSTeko (Forum of Incident Response and Security Teams) eskubide osoko kide gisa sartzea; FIRST mundu-mailan gorabehera informatikoei erantzuteko ekipoen fororik garrantzitsuena da.

Gainera, Zentroa European Cyber Security Organisation-eko (ECSO) kide ere bada; bertan, Euskadirako funtsezkoak diren zenbait lantaldetan parte hartzen du. Talde horietako batzuk honako hauek dira: Azpiegituretako Inbertsioa (WG2), Eskualdeak eta ETEak (WG4) eta Hezkuntza eta Prestakuntza (WG5). Lankidetza-foro horretan, halaber, bazkidea aurkitu du Bretainiako eskualdean, eta proiektuak ari dira elkarrekin egiten, zibersegurtasuneko eskualde-gaitasunak garatzearen inguruan.

Martxan daramatzan bederatzi hileotan, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak lortu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria eta enpresentzako zibersegurtasuneko erreferentzia gisa ezagutaraztea, eta bost laborategi jarri dira martxan, Basque Digital Innovation Hub-eko zibersegurtasun-nodoa sustatzeko. Ekimen horren bidez, enpresa-laguntzarako zerbitzua eskaini, zibersegurtasuneko tokiko eskaintzaile eta eskatzaileen arteko topagune gisa aitortu, toki- eta eskualde-mailan lankidetza publiko-pribatuko ekimenetako buru izan eta eremu horretan ekintzailetzarako laguntzaile izan ahal izango da.

Bestalde, eta BCSCren eskutik, SPRI Taldeak industria-eremuan segurtasun informatikora bideratutako lehen laguntza-programa jarri du martxan. Programa zehazki manufakturako industria-enpresetan IT/OT (Information Technology/Operational Technology) inguruneak zibererasoen aurrean babesteko sistemak bateratzeko eta integratzeko proiektuetara bideratuta dago. Ekimen publikoak, urtean, 600.000 euroko zuzkidura du, eta hardwarerako, softwarerako eta kontsultoretza eta/edo ingeniaritzako gastuetarako gastu eta inbertsioen % 50 finantzatuko du, enpresa onuradun bakoitzeko gehieneko diru-laguntza 18.000 eurokoa izango dela.

Zibersegurtasuna munduan, Estatuan eta Euskadin

Enpresek munduan zibersegurtasunari eskaintzen dioten batez besteko aurrekontua bikoiztu egin da 2012tik; lehen 2,8 milioi dolarrekoa zen eta, egun, 5,1ekoa. Espainiako Estatuan, inbertsioa 3,9 milioi dolarrekoa da, batez beste. Faktore sustatzailea negozioek, oro har, eta enpresek, zehazki, ekindako digitalizazio-prozesu sakona izaten ari da.

Espainiako konpainiek, batez beste, urtean, 2,8 zibereraso izaten dituzte, eta horiek 1,4 milioiko galerak eragiten dituzte. Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalak (INCIBE), iaz, zibersegurtasuneko 123.064 gorabehera ebatzi zituen, 2016an baino % 6,77 gehiago, eta kalkulatzen du zibereraso bakoitzak 75.000 euroko batez besteko inpaktua izan dezakeela, eta 2017an, Estatu osoko enpresentzat, 14.000 milioiko inpaktua izan zuela, gutxi gorabehera.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2017an, enpresei eginiko zibererasoen kalte ekonomikoa 840 milioi ingurukoa izan dela kalkulatzen da. Urte horretan, 9.127 ziberdelitu izan ziren, aurreko urtean baino ia % 20 gehiago. Aurtengo lehen 6 hileotan, dagoeneko, 6.041 ziberdelituren berri dago. 120 erakunde inguruk eratzen dute Euskadiko zibersegurtasunaren sektorea.

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.