Skip to main content

Informazio engainagarria detektatzeko gomendioak

17/05/2022

"Ziberrean, Zibersegurola" kanpainaren bidez, urte osoan sentsibilizatu nahi dugu teknologia berrien erabileraz. Guzti hori aniztasunetik, tolerantziatik eta haurtzaroan eta nerabezaroan hori lantzetik egiten dugu. Horretarako, zenbait erakundek lagundu digute; horien artean PantallasAmigas, Hirukide, DBEB, Kristau Eskola, Gorabide eta Twitter.

Hilero gai bat aztertzen dugu, familiak kontzientziatzeko. Gaur, maiatzak 17, Interneten Eguna ospatzen da, eta arazo larri batean jartzen dugu arreta: informazio engainagarria. Albiste faltsuak eta zurrumurruak betidanik izan dira, baina Internet iristean hedapen-kanal berriak aurkitu zituzten erasotzaileek. Joera hori are handiagoa da hauteskunde-garaian edo krisi globalak daudenean, hala nola pandemia eta Ukrainaren inbasioa gaur egun. Ezjakintasunari zenbait eragile eta enpresaren interes politiko eta ekonomikoak gehitu behar zaizkio, profesionalki kontrako alderdiari kalte egiteko eta etekinak lortzeko erabiltzen direnak. Horiek desaktibatzeko pentsamendu kritikoa garatzea funtsezkoa da.

Konfiantzarik eza komunikabideetan

Edelman Trust Barometer ikerlanaren arabera, 2022. urtean Espainia da komunikabideetan mesfidantza handiena duen munduko herrialdeetako bat. Espainiarrek hedabideetan duten konfiantza gutxitzen jarraitzen duen arren, egia diren edukiak sortzeko eta partekatzeko ardura ez da soilik komunikabideena, herritarrena ere bada. Gaur egun, Interneteko edozein erabiltzaile trikimailuan jausi daiteke eta informazioa kontsumitu eta zabaldu, aurrez egiaztatu gabe eta egin dezakeen kalteaz jabetu gabe.

Hori dela eta, Twitter, Google edo Facebook bezalako puntako enpresak urrats handiak egin dituzte informazio engainagarriaren, funtsik gabeko zurrumurruen eta desinformazioaren aurka borrokatzeko. Horiek guztiek neurriak ezarri dituzte iturrien jatorria identifikatzeko, euren politikak indartu eta eguneratzeko, eta mekanismoak sartu dituzte iturri fidagarrien testuinguru gehigarria eskaintzeko eta informazio okerra saihesteko; albiste faltsuek hauteskunde-prozesuetan eraginik izan ez dezaten eta gutxiengoekiko bereizkeriarik eragin ez dezaten, alegia. Gainera, factchecking ekimenak sortu dira, emandako datuak benetakoak direla egiaztatzeko: Espainian, Maldita.es, Newtral eta EFE Verifica bezalakoek egiten dute lan hori.

Twitter bezalako plataformek ahalegin handia egin dute alfabetatze mediatikoaren arloan, herritarrei pentsamendu kritikoa sustatzen duten tresnak eskaintzeko, pentsamendu kritikoa eta fidagarria den informazioa egiaztatzea sustatzen duten erakundeen kanpainekin lankidetzan, hala nola PantallasAmigas eta Maldita.es.

Hona hemen trikimailuetan ez erortzeko aholku batzuk:

  1. Orriaren URL helbidea: orrialdeen domeinuari erreparatu. Batzuetan, karaktere-aldaketa txiki bat ezkutatzen du, irakurleak ingurune jakin batean duen konfiantzaz baliatu eta eduki faltsua sartzen saiatzeko.
  2. Orrialdearen diseinua: orrialdearen itxura da lehen begiradan albiste faltsuen atari bat detektatzeko modurik ohikoena. Akats ortografikoak, kalitate gutxiko argazkiak, publizitate engainagarria, besteak beste, dira zalantzazko informazioa izan dezakeen leku batean gaudelako lehen zantzuak.
  3. Izenburuak: gizarte-sareetatik arrastatutako "gaitzetako" bat clickbait izenburuak dira. Izenburu horiek "jakin-minaren arraila" ustiatzeko pentsatuta daude, eta galdera-, harridura-, izenburuaren idazkera, gertaerak puztuz edo iturri ofizialak ezkutatuz, albiste faltsuetan aurkitu ohi diren ezaugarriak dira. Sare sozialetan ongi funtzionatzeari esker, oso azkar partekatzen baitira horrelako artikuluak.
  4. Artikuluaren barrualdea: desinformazioa informazioaren aldaketan laburbiltzen da. Albistean sartu ondoren, egiaztatu datuak, data, egilearen identitatea eta iturria albistearen funtsezko alderdi gisa. Informazioa sortzeko erabiltzen diren iturriek ofizialak izan behar dute beti, informazioa egiaztatu ahal izateko eta argitaratu denaren berri eman ahal izateko.
  5. Baliabide-mota bereiztea: Interneten oso ohikoa da albiste faltsuak eta eduki satirikoa nahastea, pertsonen iritzia sortzeko; informazio-kontsumitzaile gisa, garrantzitsua da eduki-mota horren ekoizpenean espezializatu diren bitartekoak edo pertsonak identifikatzen jakitea.

Bideoa: "Desinfromazioa eta informazio okerra Interneten"

BCSCtik pertsona guztiei aholkuak, orientazioa eta laguntza eskaintzen saiatzen gara. Edozein kolektibotako pertsona guztiak laguntzen ditugu egunero gizarte aske bat eta demokrazia egonkor bat eraikitzen, Interneten ingurune osasuntsu eta segurua sortzeaz gain. Beraz, kontsumitzen dugun informazioaz eta, are gehiago, zabaltzen dugunaz jabetu behar dugu. Saihestu egin behar da gure bulkada emozional eta irrazionalak, iturriak berrikusi eta bi aldiz pentsatu, aurkitzen dugun edozein eduki partekatu aurretik. Informazioa boterea da, eta, batzuetan, interes ilunek manipulatzen dute, eta ziberdelituen biktima bihur gaitezke.

cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.